XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jesusek bada ez zuen itxuraz botere tenporalik izan, jadanik erran dugunaren arabera, eta San Tomasi deritzon bezala.

Are gutiago izanen du ondorioz Aita Sainduak, Kristoren ordezkaria besterik ez baita.

Aita Sainduari gure aurkariek eman nahi diote ordea berak bere buruari behin ere eman ez dion boterea.

Aita Sainduak berak gainera aurkako iritzia agertzen du anitz idazkitan, beste irakaspen batean erran dudan bezala.

Enperadorearen kasuan egin den bezala froga daiteke, zeren Aita Sainduak ere ez du botererik izaten ahal edo zuzenbide naturalez edo Jainkozko zuzenbidez edo giza zuzenbidez baizik.

Neholaz ere ez da izanen ez zuzenbide naturalez ez giza zuzenbidez.

Jainkozko zuzenbidez datekeela ere ez dugu nehon frogarik.

Erraten da beraz, nolanahika, eta funtsik gabe batere.

Hor dugu bestalde Jesusek Petriri erran ziona: Bazka itzazu ene ardiak (Jn 21,17), ikusteko aski garbiki, botere izpiritualaz diharduela eta ez tenporalaz.

Argi dago Aita Saindua ez dela mundu osoaren jabea, zeren Jesus Jaunak erran baitu munduaren azkenean artalde bakar bat izanen dela eta artzain bakar bat (Jn 10,16), eta beraz anartean ez dira ardi guziak artalde berean izanen.

Eta oraino argi dago botere tenporalik izan baldin badu ere, Jesus Jaunak ez diola bederen Aita Sainduari utzi.

Ezen Aita Saindua Kristoren ordezkaria da zeregin izpiritualentzat, tenporalentzat bezainbatean.

Baina gure aurkariek aitortzen dutenez eta Jondoni Paulok idatzi duenez gero: Niri ote dagokit kanpokoen epaitzea? (IKor 5,12), ez du Aita Sainduak eskumen izpiritualik fedegabeen gainean; ez eta ere beraz eskumen tenporalik.

Beste argumentu honek ordea ez du deus balio: (...).